podium

Scotson-Edmondson, Anoeta4Orduen lehenengo irabazleak

Bikote australiarrak Amerikana saioetan nagusitasuna erakutsiz irabazi du

Scotson-Edmondson bikote australiarrak Anoeta4Orduen lehenengo ekitaldia irabazi du mugimendu gehien izan duen hirugarren eta azken Amerikana saioan arerioen eraso guztiak ondo zaindu ondoren. Muntaner eta Torres espainiarrak izan dira eraso arriskutsuena jo dutenak helmugarako sei itzuli besterik geratzen ez zirenean, para bi australiarrek arratsalde osoko nagusitasuna erakutsi dute eta ihesaldi saiakera bertan behera uzteaz gain, azken esprinterako talde osoa gurpiletik atera dute, Steven Burke ingelesa izan ezik.

Munduko txapeldun izan berri den Morgan Kneisky frantziarrak eta Benjamin Thomas gazteak bigarren postua eskuratu dute azken Amerikana saioan itzulia irabaztea lortu duten bakarrak izan direlarik. Hala, ordura arte bigarren ziren Muntaner eta Torres hirugarren tokira jauzi dira, puntako podiuma osatzeko.

Amerikana 1.

Scotson-Edmondson australiarrak nagusitasuna erakutsi dute lehenengo Amerikana saioan. Beraiek izan dira taldea atzean utzi eta aurrera egitea lortu duten bakarrak, gurpilean Muntaner-Torres bikotea eramanda. Bi bikoteak ondo konpondu dira eta itzulia harrapatzea lortu dute.

sprintetan berriz, australiarrak garaile izan dira, puntu gehien batu dituen bikotea izanik. Azken esprinta ere beraiek irabazi dute. Guztira 16 puntu batu dituzte.

Kanporaketa

Albert Torres garaile Jon Irisarriren aurretik

Kanporaketa saioak beste behin sprint lehiatuak utzi ditu, eta batez ere estua izan da azken aurrekoa. Geratzen ziren hiru txirrindulariek lau itzuli eman behar izan dizkiote pistari epaileak bere azken erabakia hartu bitartean. Azken esprintean Albert Torres espainiarrak Jon Irisarri gipuzkoarra menderatu du azken metroan. Goraipatzekoa izan da benetan 20 urteko txirrindulariak erakutsi duen ausardia eta maila. Hirugarren Morgan Kneisky frantziarra izan da. Hiru lehenak 16, 14 eta 13 puntu batu dituzte.

Jazarpen australiarra eta Deabruaren Scratch(neskak)

Leire Olaberria garaile Gloria Rodriguezen aurretik

Leire Olaberria izan da Jazarpen Australiarraren garailea aurretik zituen txirrindulariak harrapatzen arrakasta gehien izan duena izan baita. Proba honetan txirrindulari bakoitzak aurretik zihoana harrapatu behar zuen bere atzetik zihoana aldentzen saiatzen zen bitartean.

Minutu batzuk beranduago, Deabruaren Scratch proban ere Olaberria izan da onena. Lau txirrindulari gelditu arte kanporaketa saioa lehiatu dute neskek, eta gero Scratch proba burutu dute. Olaberriaren atzetik Gloria Rodriguez eta Mar Bonin sailkatu dira.

Amerikana 2.

Saioaren hasieran Morkov-Rasmussen bikote danimarkarrak pelotoia atzean utzi eta buelta bat hartzea lortu du, sailkapen nagusian Scotson-Edmondson eta Muntaner-Torresekin batera goialdean kokatuz.

Eraso saiakera askoren ondoren, beste behin australiarrak izan dira aurrera joatea lortu dutenak, oraingoan bakarrik. Inor ez da izan gai beraien erritmoa jarraitzeko. Ez dute itzulia kentzea lortu baina puntu guztiak batu dituzte lasterketa buruan egon diren bitartean. Honenbestez, lehenengo Amerikanan adina puntu batu dituzte: beste 16.

Marymoore-longest lap

Steven Burke irabazle.
Britaniarra izan da azkarrena itzuli bateko esprintean. Lehendik, txirrindulariek oreka mantendu behar izan dute lau minutu luzez bizikleta gainean hanka lurrean jarri gabe eta helmuga arrastoa ukitu gabe. Teknika aparta erakutsi dute bizikleta gainean iraun duten txirrindulariek. Arrastotik gertu abiatu du esprinta britaniarrak eta Alex Edmondson arratsaldeko izarra esprint zoragarri batean menderatu du

Puntuaketa

Benjamin Thomas frantziarra irabazle

Abiadura ikaragarrian lehiatu den proba honetan berdintasun handia ikusi da eta erregulartasun handiena erakutsi duenak eraman du garaipena. Leif Lampater eta Keny De Ketele izan dira lehenengo bi esprintak irabazi dituztenak, baina Benjamin Thomas frantziar gaztea beti egon da lehenengo postuetan eta hirugarren esprinta irabazteak lider bezala jarri du. Azken puntuaketan ere ez du hutsik egin eta hirugarren postuari esker sailkapen orokorra irabazi du 11 puntuekin, Ollie Wood britaniarrak 9 batu dituelarik.

Keirin

Euskaldunen protagonismoa Unai Elorriagaren garaipenarekin eta Jon Irisarriren bigarren postuarekin

Kerin probetako sailkapen saioak abiadura ikuskizunak eskaini dituzte belodromoko jendea zutituz. Azken finalera gizon azkarrenak pasatzea lortu dute. Motoaren atzean kokapen estrategikoa izan eta azken itzulietan abiadura muturreraino eramateko gaitasuna izan dutenen artean, Unai Elorriaga beteranoak lortu du garaipena, beste behin Jon Irisarri bigarren postuan utziz, Kanporaketan gertatu moduan.

Amerikana 3.

Azken Amerikana erabakiorra izango zelakoan, bikote frantziarrak (Kneisky-Thomas) oso gogor ekin dio saioari eta eraso bortitz baten ondorioz itzulia irabaztea lortu du. Itzuliei dagokionez lehenengo hiru bikoteekin berdintzea lortu du honenbestez Morgan Kneisky munduko txapeldunak. Scotson-Edmondson, Muntaner-Torres eta Morkov-Rasmussen geratu dira sailkapen buru itzuli berberekin.

Saioa oso parekatua izan da, eta etengabe ihesaldi saiakerak izan dira. Esprintetan ere puntu banaketa izan da, eta australiarrek ondo lotu dute taldea. Muntaner-Torres bikotea saiatu da azken itzulietan aurrera egiten behar zituen puntuak batu nahian, baina Scotson-Edmondson bikoteak ondo menperatu du egoera merezitako garaipena lortuz.